Getxoko bizikletentzako lehen aparkaleku publiko segurua



Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, bizikletentzako lehen aparkaleku publiko segurua ezarri du, Bizipark-Getxo. Bizikleta eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea lantzeko esperientzia pilotu bat da, behin ebaluatuta, bizikleten aparkaleku baten erabilerari buruzko datuak lortu ahal izateko, hala badagokio, bizikletentzako aparkaleku berriak sortuz esperientzia zabaltzeko. Bizipark-Getxo Algorta auzoko Manuel Gainza aparkalekuaren barrualdean dago eta 32 bizikleta plaza ditu.

Bi erakunde publikoek sinatutako hitzarmenaren helburua da tokiko mugikortasun jasangarria sustatzea, Getxon ohiko joan-etorrietarako bizikleta erabiliz, eta, horretarako, erabilera hori errazten lagunduko duten azpiegiturak jartzea. Beraz, azpiegitura berri hori BizkaiBizi bizikletak mailegatzeko zerbitzu publikoari gehitzen zaio.

Akordioan jasotzen den bezala, “bi erakundeek mugikortasun jasangarria sustatzea dute lehentasunezko helburuen artean, eta bat datoz bizikletaren eta beste garraiobide batzuen arteko intermodalitatea bultzatzeko helburuan, batez ere zerbitzu publikoek eskaintzen dituztenak, eta ibilgailu pribatuaren ordezko moduen garapena errazten duten sare eta garraiobide guztiak kontuan hartuta”.


Mugikortasun jasangarriaren politikaren helburuak

Halaber, Mugikortasun jasangarriko politikaren helburuen artean daude beste hauek ere: hiri-ingurumena eta herritarren osasuna eta segurtasuna hobetzen laguntzea, bai eta ekonomiaren eraginkortasuna ere, natura-baliabideen erabilera arrazionalagoari esker; hiri-garapeneko, garapen ekonomikoko eta mugikortasuneko politikak integratzea, ohiko joan-etorriak minimizatzeko moduan, eta oinarrizko zerbitzuetarako irisgarritasun eraginkorra, efizientea eta segurua erraztea, betiere ingurumen inpaktu txikienarekin; energia-kontsumoaren murrizketa eta energia-eraginkortasunaren hobekuntza sustatzea, eta horretarako, eskaria kudeatzeko politikak hartuko dira kontuan; gizartearen, ekonomiaren, ingurumenaren eta energiaren aldetik kostu txikiena duten garraiobideak sustatzea, bai pertsonentzat, bai salgaientzat, eta garraio publiko kolektiboaren eta motorizatu gabeko beste garraiobide batzuen erabilera sustatzea.


Bizipark zerbitzuaren ezaugarriak

Bizipark-Getxok hartzen duen espazioa Manuel Gainza aparkalekuko -1 solairuan egokitu da, eta sarrera Algortako Telletxe kaleko 2. zenbakitik du. 32 aparkaleku ditu eta honako hauek ditu:

  • kudeaketa-softwarea, Internet bidezko konexioa barne
  • Sarbideak kontrolatzeko sistema
  • barruko argiztapen iraunkorra
  • Suaren aurkako 8 segurtasun-armairu, banakako elektrizitate-hargunearekin, eta
  • Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistema